Acceso al aula virtual


Lege Organikoa

TribuCan proiektuaren helburuak lantzerakoan, kontuan hartu dira Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako printzipioak.

1. TribuCan proiektuaren arabera, gizarte osoaren erantzukizuna da hezkuntza, eta haurtzarotik eta nerabezarotik ahaleginaren eta lanaren balioak sustatu behar dira arlo pertsonalean, akademikoan eta lanekoan arrakasta lortzeko.

Hezkuntza-balio horien sustapena tribu osoaren eginkizuna da. Horri dagokionez, legearen aitzinsolasean ezartzen da ahaleginaren printzipioa ezinbestekoa dela kalitatezko hezkuntza lortzeko, eta hezkuntza erkidegoko kide guztiei aplikatu behar zaiela. Horietako bakoitzak berariazko ekarpen bat eginen du. Familiek hertsiki lagundu beharko dute eta beren seme-alaben eguneroko lanean konpromisoa hartu beharko dute; konpromisoa hartu beharko dute, halaber, ikastetxeetako bizitzarekin. Ikastetxeek eta irakasleek ahaleginak egin beharko dituzte ikaskuntzarako ingurune aberats, motibagarri eta zorrotzak eraikitzeko. Hezkuntza administrazioek erraztasunak eman beharko dizkiete eskola erkidegoa osatzen duten guztiei beren eginkizunak bete ditzaten, eta horretarako behar dituzten baliabideak emanen dizkiete; aldi berean, konpromisoa eta ahalegina eskatuko dizkiete. Gizarteak, azken batean, hezkuntza sistema babestu beharko du eta aldeko ingurune bat sortu beharko du, bizitza osoan zehar prestakuntza pertsonala bideratzeko. Soilik konpromisoak eta ahalegin partekatuak ahalbidetuko dute hain helburu zabalak lortzea.”

1. artikuluan Hezkuntzaren Lege Organikoak hezkuntzaren printzipioak ezartzen ditu:

  • “Banakako ahalegina eta ikasleen motibazioa.” (g).
  • “Hezkuntza administrazioek tokiko udalei laguntzea eta haiekin batera lan egitea hezkuntza politikaren plangintza eta ezarpena lortzeko.” (p)
  • “Ikasleen, familien, irakasleen, ikastetxeen, administrazioen, erakundeen eta gizarte osoaren ahalegin partekatua.” (h)

2. TribuCan proiektua Europako Batasunak 2010. urterako ezarritako helburuen arabera diseinatu da; izan ere, helburu horiek izan dira nazioarteko ebaluazioak egiteko oinarria (PISA). Hartara, lagungarri gertatzen da ikastetxeetako ebaluazioetan emaitza hobeak lortzeko.

Horri dagokionez, Hezkuntzaren Lege Organikoak dio “Espainiako hezkuntza sistemak datozen urteetan bere jarduerak egokitu behar dituela Europako Batasuneko bere kideekin partekatzen dituen helburu horiek lortze aldera. Batzuetan, Espainiako hezkuntzaren egoera hurbil dago hamarkada honen amaierarako helburu gisa finkatu denetik. Beste batzuetan, aldiz, aldea handia da. Espainiak Europako Batasunean parte-hartze aktiboa izateak nahitaezkoa egiten du hezkuntza mailak hobetzea, harik eta Europan duen tokiari egokitu arte; horrek, betiere, konpromisoa eta ahalegin argia eskatzen du, eta lege honek horixe ere bere egiten du.”

3. TribuCan proiektuak lagundu egin nahi du bizikidetasun baketsua, elkartasunezkoa eta demokratikoa lortzeko behar diren hezkuntza-balioen sustapenean, elkartasunezko ekimenak eskatzen dituzten egoera errealak ezagutzearen bidez.

Hezkuntzaren printzipioak eta xedeak izenburua duen I. kapituluko 1.c artikuluan, Hezkuntzaren Lege Organikoak honakoei buruz hitz egiten du: “Askatasun pertsonalak, erantzukizuna, herritartasun demokratikoa, elkartasuna, tolerantzia, berdintasuna, errespetua eta justizia bultzatuko dituzten eta edozein eratako bazterkeria gainditzen lagunduko duten balioak transmititzea eta praktikan jartzea”.

Xedeak izenburuko 2. artikuluan, honakoa dio legeak:

  • “Bakearen aldeko prestakuntza, giza eskubideekiko errespetua, elkarrekin bizitzea, gizartearen kohesioa, herrien arteko lankidetza eta elkartasuna eta bizidunei eta ingurumenari errespetua izatea –bereziki oihan-eremuen balioari eta garapen iraunkorrari dagokienean– sustatuko duten balioak barneratzea.” (e)
  • “Herritartasunaz baliatzeko prestatzea, bai eta bizitza ekonomiko, sozial eta kulturalean parte-hartze aktiboa izateko ere, betiere jarrera kritikoarekin eta erantzukizunarekin, eta ezagutzaren gizartearen egoera aldakorrei egokitzeko gaitasunarekin.” (k)

4. TribuCan proiektuak ikasleengan sustatu nahi ditu ekintzailearen nolakotasunak (autonomia, sormena, bere buruarenganako konfiantza, taldean lan egiteko gaitasuna, plangintzak egiteko gaitasuna, erantzukizunak hartzea, erabakiak hartzeko gaitasuna eta abar), ezinbestekoak baitira edozein helburu lortzeko.

Xedeak izenburupeko 2.f artikuluan gai hori aipatzen da: “Ikasleek beren ikasketa erregulatzeko, beren gaitasun eta ezagutzetan konfiantza izateko, eta sormena, norberaren ekimena eta izpiritu ekintzailea garatzeko daukaten ahalmena garatzea.”

5. TribuCan proiektuak denborekin bat datorren metodologia bat erabiltzen du, eta teknologia berriak ere erabiltzen ditu ikasteko tresna gisa: ikasgela birtuala, simulazio jokoa, web orria eta abar.

Ikasgela birtuala erabiltzeak berritasun bat dakarkio unibertsitatez kanpoko irakaskuntzari. Haren bitartez, jarduerak planteatzen dira; izan ere jarduera horiek diseinatuta daude ikasleek Interneten erabilera egokia egin dezaten, informazioa bilatu, aukeratu eta antolatzeari dagokionez.

Hezkuntzaren Lege Organikoak 1.n artikuluan honakoa ezartzen du hezkuntzaren printzipio gisa: “Ikerketa, esperimentazioa eta hezkuntzaren arloko berrikuntza bultzatu eta sustatzea.”

Hezkuntzaren etapa desberdinetan teknologia berriak erabiltzeari dagokionez, Hezkuntzaren Lege Organikoak aipamen ugari dauzka:

  • 17.i artikuluak ezartzen du Lehen Hezkuntzaren helburua dela “Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ikasteko erabiltzen hastea, eta kritikotasuna garatzea jasotzen eta prestatzen diren mezuak direla eta.”
  • 23.e artikuluan honakoa ezartzen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako helburu gisa: “Informazio iturrien erabileran oinarrizko trebetasunak garatzea, ezagutza berriak kritikotasunez eskuratu ahal izateko. Teknologien arloan oinarrizko prestakuntza bat eskuratzea, bereziki informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan.”

Ondorioa
TribuCan proiektua hezkuntzaren berrikuntzarako proiektu bat da, Hezkuntzaren Lege Organikoak ezarritako printzipioak eta Europako helburuak betetzen dituena.

Información adicional